Errefuxiatua, pertsona | Abrir> | |
---|---|---|
Arrazagatik, erlijioagatik, nazionalitateagatik, gizarte-talde jakin batekoa izateagatik edo iritzi politikoengatik jazarria izateko susmo sendoak dituen pertsona, bere nazionalitateko herrialdetik kanpo dagoena eta herrialde horretako babesa lortu ezin duena edo beldur horiengatik lortu nahi ez duena; edo, bestela, nazionalitaterik ez duena, goian adierazitako arrazoiengatik ohiko bizilekua zuen herrialdetik kanpora dagoena eta herrialde horretara itzuli ezin duena edo beldur horiengatik itzuli nahi ez duena. Genero-arrazoiengatiko jazarpena, lehentasun sexualak eta genero-identitateak eragindakoa barne, asilo-eskubideak onesten dituen jazarpen-kausetan bilduta dago. 1951ko Genevako Konbentzioa eta 1967ko New Yorkeko haren Protokoloa asiloa definitzen eta jazarpena pairatzen dutenen nazioarteko babesa sustatzen duten nazioarteko funtsezko tresnak. Barne-gatazka armatuak ugaritu egin dira, estatuek gero eta asilo-politika murriztaileagoak egiten dituzte eta gero eta zailagoa da herrialde seguru batera joatea. Horregatik, gutxitu egin da asilo-eskatzaileen kopurua, eta herrialde barruan desplazatuen kopurua, berriz, hazi. Kalkuluen arabera, emakumeak eta haurrak errefuxiatutako populazioaren % 48 izan ziren 2012an, eta proportzio hori iraunkor atxiki da azken hamar urtean.
Bibliografia: UNHCR (2012): Tendencias globales. CEAR-Euskadi (2009): Genero-arrazoiengatiko jazarpena eta asilo eskubidea: testuinguru globaletik tokiko konpromisora. Asilo-sistema, emakumeen eta lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen giza eskubideen urraketari dagokionez. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo 1951ko Genevako Konbentzioa, Errefuxiatuen Estatutuari buruzkoa. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011/95/EB Zuzentaraua, 2011ko abenduaren 13koa, hirugarren herrialdeetako nazionalak edo aberrigabeak nazioarteko babesaren onuradun gisa onesteko eskakizunei, errefuxiatuentzako edo babes subsidiariorako eta emandako babesaren edukirako estatutu uniforme bati buruzko arauak ezartzen dituena. 12/2009 Legea, urriaren 30ekoa, Asilo Eskubidea eta Babes Subsidiarioa arautzen dituena. Errefuxiatuen Estatutuari buruzko 1967ko New Yorkeko Protokoloa.
|
Desplazamendu behartua | Abrir> | |
---|---|---|
Desplazamendu behartua zera da, pertsona bat bere herrialdeko mugen barruan edo mugetatik kanpo mugitzera behartuta egotea. Dena den, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen eremuan, errefuxiatuaren definizioa ez dator bat barne-desplazatuaren definizioarekin; izan ere, barne-desplazatuaren definizioa askoz zehatzagoa da, baita koherenteagoa ere gaur egun bizi dugun globalizazio kapitalistaren eta krisialdi ekologikoaren testuinguruari dagokionez. 1951ko Genevako Konbentzioa ri jarraiki, errefuxiatua da arrazarekin, erlijioarekin edo nazionalitatearekin loturiko arrazoiengatik, gizarte-talde jakin bateko kide izateagatik edo iritzi politiko jakin bat izateagatik azarpena jasateko beldur funtsatua duen pertsona. Azkenaldiko interpretazioei esker, genero-arrazoiengatiko jazarpena ere asilo-kausatzat hartzen da. ABEren Konbentzioa ren eta Cartagenako Deklarazioaren bitartez, pertsona bat errefuxiatutzat hartzeko kausak zabaldu egin dira gerora: kanpo-eraso batetik, okupazio batetik, atzerriko menderatze batetik, ordena publikoa larriki aztoratzen duten gertakari eta egoeretatik, giza eskubideen urraketa masibotik, indarkeriatik oro har eta barne-gatazketatik ihes egin dutenak ere sartzen dira. 2009. urteko Barne-desplazamenduen printzipio gidarietan honako hauek ere sartzen dira: naturak edo gizakiak eragindako hondamendietatik, apartheid-politiketatik, garbiketa etnikoetatik, arraza-diskriminazioko politiketatik, eskala handiko garapen-proiektuetatik (goragoko edo lehentasunezko interes publiko baten justifikaziorik ez dutenak), hondamendi eta zigor kolektiboetatik ihes egin dutenak. Kampalako Konbentzioa n, natural edo gizakiak eragindako hondamendi kasuetako ebakuazio behartuetatik ihes egiten dutenak ere sartzen dira, eta Estatuarenak ez diren agenteen (enpresa multinazionalak eta segurtasuneko enpresa pribatu nahiz militarrak ere barnean hartuta) erantzukizuna zaintzera behartzen ditu Estatu parteak (3. art.), bidegabeko desplazamenduak egiteagatik edo egintza horietan konplize izateagatik.
Bibliografia: 1951ko Genevako Konbentzioa, Errefuxiatuen Estatutuari buruzkoa. ABE Afrikar Batasunaren Erakundearen Konbentzioa, Afrikako errefuxiatuen arazoen berariazko alderdiak arautzen dituena. Addis Abeba 1969. Cartagenako Deklarazioa, Errefuxiatuei buruzkoa. Honako honek hartua: ‘Erdialdeko Amerikako, Mexikoko eta Panamako Errefuxiatuen Nazioarteko Babesari buruzko Hitzaldia: Arazo Juridiko eta Humanitarioak’. Cartagena, Kolonbia, 1984. Afrikar Batasuna (2009): Afrikar Batasunaren Konbentzioa, Afrikan barne-desplazatuei babesa eta laguntza emateko (Kampalako Konbentzioa). Kampala, Uganda. Barne Desplazamenduen Printzipio Gidariak. Nazio Batuak. 1998
|
Ingurumen-errefuxiatua, | Abrir> | |
---|---|---|
Susana Borras ikertzaileak ezartzen duen tipologia erreferentzia gisa hartuta, hondamendi naturalen ondorioz (hala nola lurrikara bat), oinarrizko baliabide naturalen narriaduraren ondorioz (beharbada klima-aldaketari lotutakoa, hala nola itsasoaren mailaren igoera, edo beste kausa batzuk) eta habitatean izandako aldaketa iraunkorren ondorioz (sarritan garapen-proiektu handiek eraginda) nahitaez desplazatu diren pertsonak ditugu. Borrasek ez ditu espresuki aipatzen, kategoria horien azpian badaude ere, eta halaxe biltzen dituzte beste egile batzuek, industria-istripuak eta produkzio-jarduera kutsagarrien beste ondorio batzuk. Desplazamenduak aldi baterakoak edo iraunkorrak izan daitezke hainbat faktoreren arabera, hau da, ingurumen-narriaduraren larritasuna, harrera-lekuko bizi-baldintzak, eta itzuli eta bizi-bitartekoak berreskuratzeko duten aukera, besteak beste. Zenbait egilek, ingurumen-arrazoiak direla-eta errefuxiatutako pertsonak aipatzerakoan, beren herrialdetik kanpo ez daudenak ere biltzen dituzte, hau da, barne-desplazamendu baten biktima izan direnak. Errefuxiatu izendapena erabiltzea ingurumen-kausengatik ihes egin dutenentzat oso gai eztabaidatua da orain ere. Honako hauek ditugu terminologia hori erabiltzearen aurkako kritiken artean: barne-desplazamenduak eta nazioarteko desplazamenduak bereizi beharra; ingurumen-kasuak gainerako kasuetatik bereizteko zailtasuna, eta desplazamendu horien interpretazioa mugimendu adaptatibo gisa, zeinetan ez den babesgabetasunik izaten estatuaren aldetik, ezta jazarpenik ere 1951 Genevako Konbentziotik edo beste eskualde-tresna batzuetatik eratorritakoaren arabera. UNHCR izendapen horren aurka dago uste duelako nahasgarria izan daitekeela eta errefuxiatuak babesteko nazioarteko araubidearen kaltetan ere izan daitekeela. Baina komeni da kontuan hartzea ingurumen-narriadurak eragindako bizi-bitartekoen erabateko galeraren ondoriozko desplazamendua ezin dela adoptatibotzat edo migratzailetzat hartu. Desplazamendu behartua izango litzateke. Gainera, desplazatuak zein errefuxiatuak onesteko eta babesteko zenbait tresnak biltzen dituzte jada ingurumen-kausak edo eskaintzen dituzte haiek barnean hartuko lituzketen definizioak. 1998ko Barne Desplazamenduen Printzipio Gidariek zehazki aipatzen dituzte “hondamendi naturalak edo gizakiak eragindakoak”, eta Kampalako Konbentzioak zehazki jasotzen du proiektuen burutzapenaren ondoriozko desplazamendua, Afrikan industria-jarduerek izan duten eragin handiaren erakusgarri. 1969ko ABEren Konbentzioa sinatu zuten estatu batzuk errefuxiatu gisa onesten ari dira giza jardueraren ondoriozko ingurumen-degradazioak desplazatutako pertsonak. Errefuxiatuei buruzko 1984ko Cartagenako Deklarazioak ere zabaltzen du 1951ko Genevako Konbentzioak biltzen duen pertsona errefuxiatuaren definizioa. Ildo horretan, gogorarazi behar da Europan eta estatu espainolean ere badirela ingurumen gisa katalogatutako desplazamendu beharturen bat babestea ahalbidetuko luketenak, eta haien artean nabarmentzekoa da aldi baterako babesa desplazatuen multzo handiak etortzen diren kasuetan.
Bibliografia: UNHCR (2011): Cambio climático y desplazamiento: identificación de vacíos y respuestas. Adituen mahaia. Bellagioko hitzaldi-zentroa. Arenas, N. (2012): El cambio climático y los desplazamientos de población. La migración como estrategia de adaptación. Honako lan honetan: Cambio Climático, Energía y Derecho Internacional: Perspectivas de Futuro. GILES CARNERO, Rosa (koord.). Aranzadi Editorial. Zizur Txikia. Borrás, S. (2008): Aproximación al concepto de refugiado ambiental: origen y regulación jurídica internacional. III Seminario sobre los agentes de la cooperación al desarrollo: refugiados ambientales, refugiados invisibles ekitaldikoa. Cadizko Unibertsitatea. CEAR-Euskadi (2012): Indarrez kentzearen aurka. Kapitalismoa, ingurumen-hondaketa eta behartutako lekualdaketa. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo MCADAM, J. (2010): Climate Change and Displacement: Multidisciplinary Perspectives. 1. arg. Erresuma Batuan: Hart Publishing.
|
Giza eskubideak | Abrir> | |
---|---|---|
Gizaki izateagatik gizaki guztiei dagozkien eskubideak. Giza eskubideei buruzko bi adierak doktrina-liskarrak sorrarazten dituzte oraindik ere: giza eskubideak ‘eskubide moral’ gisa hartzeak eta giza eskubide gisa soilik ‘zuzenbide positiboko’ sistema batez babestutako eskubideak –‘eskubide subjektiboak’ deitutakoak– hartzeak. Wilhelmi eta Pisarellok (2008) honela definitzen dituzte eskubideak: subjektu batek beste subjektu batzuk bere interes edo beharrekin zerikusia duen zerbait egitearen edo ez egitearen inguruan dituen asmo edo itxaropen oinarridunak. Asmo ‘legitimoak’, ‘oinarridunak’ edo ‘bidezkoak’ izango lirateke eta legitimotasun hori beren izaera orokorgarriak emango lieke: “besteek ere antzeko inguruabarretan antzeko asmoa argudiatu ahal izateko aukera izatea”. Eskubideak gauzatzeko zerbait egiteko obligazioa (obligazio positiboa) edo zerbait egiteari uko egiteko obligazioa (obligazio negatiboa) izaten da, horrela jokoan dagoen interesa edo premia babestuz. Askotan giza eskubideak aldarrikatu ziren une historikoaren arabera sailkatu izan dira, beraz, sailkapen horrek beren bilakaera ulertzea ahalbidetzen du eta ez litzateke hierarki gisa ulertu behar. Lehen belaunaldiko giza eskubideak eskubide zibil eta politikoekin eta Askatasunarekin dute zerikusia; lehen aldiz 1776ko Estatu Batuetako Independentzia Adierazpenean eta Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpen Unibertsalean (1789ko Frantziako Iraultzaren ondoren aldarrikatu zena) jaso ziren. Bigarren belaunaldiko giza eskubideak eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak dira (EESK). Langile-mugimenduaren eta sozialismo demokratikoaren eraginaren ondorioz jaio ziren, batez ere, Berdintasunarekin zerikusia dute eta Zuzenbideko Estatu Soziala sortzen hasi zeneko garaikoak dira. Lehen belaunaldiko eskubideak nahiz bigarren belaunaldiko eskubideak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasota daude. Hirugarren belaunaldiko giza eskubideek munduaren ikuspegi globalarekin eta etorkizuneko belaunaldien eskubideen zaintzarekin zerikusia dute. Elkartasunaren kontzeptuarekin lotuta daude: garapenerako, bakerako, ingurumenerako, gizateriaren ondare komunerako eta abarretarako eskubideak. Eskubideen eta betebeharren artean lotura estua dago, hau da, asmoak dituzten subjektuen eta asmo horiek (ekintzez edo ez-egitez) ez zapuzteko obligazioa duten subjektuen artekoa. Giza eskubideak ez dira soilik eskubide indibidualak; kolektiboak ere izan daitezke zenbait ezaugarri partekatzen badira. Eskubide zibil eta politikoek gutxiengo etniko, erlijioso edo linguistikoen eskubideak ere biltzen dituzte baina hori argiago ikusten da hirugarren belaunaldiko eskubideetan. Askotan eskubide kolektibo horiek aldez aurreko nahitaezko baldintza izaten dira pertsonek beste eskubide indibidual batzuk gauza ditzaten.
Bibliografia: Pisarello, G. eta Wilhelmi, M.A. (2008): Los derechos humanos y sus garantías: nociones básicas. Universitat Oberta de Catalunya. Boni, A. (2007): “Giza Eskubideak”, Garapenerako Hezkuntzaren Hiztegian. Hegoa Institutua. Bilbo. Maqueira, V. (2006): Mujeres, globalización y derechos humanos. Ediciones Cátedra, Universitat de València eta Emakumearen Institutua, Madril.
|
Eskubide zibil eta politikoak | Abrir> | |
---|---|---|
Giza eskubideen lehen belaunaldia deitutakoan biltzen dira eta Frantziako Iraultzaren ondoren aldarrikatu ziren pertsonaren askatasuna zaintzeko bokazioarekin. 1966. urtetik Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean (EZPNI) jasota daude. Eskubide multzo honetan honako hauek biltzen dira: bizitzeko eskubidea; torturarik, zigor edo tratu anker edo iraingarririk, esklabotzarik edo morrontzarik ez jasotzeko edo derrigorrezko lanik ez egiteko eskubidea; norberaren herrialdean joan-etorri askerako eskubidea eta herrialdetik (baita norberarenetik ere) ateratzeko eskubidea; legearen aurrean ez diskriminatua izateko eta babes bera jasotzeko eskubidea eta auzitegietan eta gorte judizialetan berdinak izateko eskubidea, lege-nortasundun dela aitor diezaioten eskubide, errugabetasun-presuntzioaren eskubidea, errekurtso judizialerako eskubidea eta bizitza pribatuan injerentziarik ez pairatzekoa; pentsamendu-, kontzientzia-, erlijio-, adierazpen-askatasuna baita biltzeko eskubidea eta ezkontza adosturako eskubidea ere. Aipatutako eskubide multzoan honako hauek ere biltzen dira: askatasun-gabetuek gizalegezko tratu duina jasotzeko eskubidea; atzerritarrek legezko erabakirik gabeko kanporaketarik ez pairatzeko eskubidea, familiek gizarte-babesa eta Estatuaren babesa izateko eskubidea eta adingabeen babeserako eta nazionalitaterako eskubidea. Era berean, herritarren sufragio unibertsalerako eskubidea ezartzen da baita gutxiengo etniko, erlijioso edo linguistikoek beren bizitza kultural propioa izateko, erlijio propioa aitortzeko eta praktikatzeko eta hizkuntza propioa erabiltzeko duten eskubidea ere. Eskubide horiek guztiak derrigorrez bete beharreko nazioarteko zuzenbidean jasotzen dira (‘ius cogens’) eta gainerako guztiengan ondorio juridikoak dituzte (‘erga omnes’).
Bibliografia: Nazio Batuak (1966): Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna Batzar Orokorraren 1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) Ebazpena.
|
Eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak (EESK) | Abrir> | |
---|---|---|
Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean (EESKNI) jasota daude (1966ko abenduaren 16an). Eskubide horiek funtsean berdintasunarekin eta miseriarik gabe bizitzeko eskubidearekin zerikusia dute. Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituneko 1. artikuluan herriek garapen ekonomiko, sozial eta kulturaleko duten eskubidea ezartzen da baita beren aberastasun eta baliabide naturalak aske erabiltzeko eskubidea ere. Gainerako artikuluetan bizitza duin bat eramateko ezinbestekoak diren eskubideak aipatzen ditu, besteak beste, lanerako eskubidea, gizarte-segurantzarako eskubidea eta osasunerako, hezkuntzarako, kulturarako eta abarrerako eskubideak. Elikadurarako eskubidea aipatzen da esplizituki eta ezartzen da nazioarteko ordenako neurriak nahitaezkoak direla eskubideen errespetua ziurtatzeko.
Bibliografia: Nazio Batuak (1966): Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituna Batzar Orokorraren 1966ko abenduaren 16ko 2200 A (XXI) Ebazpena. CEAR Euskadi (2012): Indarrez kentzearen aurka. Kapitalismoa, ingurumen-hondaketa eta behartutako lekualdaketa. Kolonbiako eta Ekuadorko kasuen analisia. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo. CEAR Euskadi (2009):Informe diagnóstico. El derecho de asilo frente a la violación de los derechos económicos, sociales, culturales y ambientales. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo.
|
Ingurumen-zuzenbidea | Abrir> | |
---|---|---|
Ingurumenean zuzenean edo zeharka aldaketak eragin ditzaketen giza jokabideak arautzen dituen arau juridikoen multzoa da eta ingurumenaren oreka aldatzen duten nahasmenduak aurreikustea eta konpontzea du xedetzat. Ingurumen-zuzenbide gisa ulertzen da ez soilik arauak eta arau horiek aztertzea eta interpretatzea baita bestelako ingurumen-zientzia ez juridikoetako (biologia, geologia eta abar) jakintza-multzoa ere. Egungo ingurumen-krisiak Zuzenbidearen hainbat adar elkartzen dituen arauketa lotesle baten premia justifikatzen du eta hain zuzen ere XX. mendearen bigarren erdian sortu zen Ingurumen-zuzenbide izenarekin. Etapa desberdinak izan dira eta etapa horietan ikuspegi antropozentrikoa –gizakien ongizatea bermatzeko azken xedea zuena– nagusitzetik gaur egungo ikuspegirako bilakaera eman da, hau da, biozentrismorako joera duena eta Ekuador eta Boliviako konstituzio-sistemak adierazgarri nagusitzat dituena, natura eskubide-subjektu gisa ulertuz. Ingurumen-zuzenbideak honako ezaugarri hauek biltzen ditu: osagai teknozientifiko handia duen diziplina-aniztasuna, prebentzio-izaera, bokazio unibertsala eta gainerako antolamendu juridikoarekiko zeharkakotasuna. Besteak beste, honako hauek hartzen ditu aintzat: zuhurtziazko eta prebentzioko printzipioak, ingurumen-erantzukizunaren eta informaziorako sarbidearen printzipioak eta partaidetza- eta lankidetza-printzipioak, eta nazioarteko mailan, erantzukizun komunen baina bereizien printzipioa.
Bibliografia: Aguilar, G.; eta Iza, A. (2005): Manual de Derecho Ambiental en Centroamérica. Argitaratzailea: UICN, San José. Brañes, R. (2010): Manual de Derecho Mexicano, bigarren edizioa, Fondo de Cultura Económica, Mexiko. Gutiérrez, R. (1999): Introducción al estudio del derecho ambiental. 2. edizioa Argitaratzailea: Porrúa , Mexiko. Lozano, B. (2010): Derecho Ambiental Administrativo. Argitaratzailea: La Ley , Madril. Martín, R. (1991): Tratado de Derecho Ambiental. Argitaratzailea: Trivium, Madril.
|
Garapena | Abrir> | |
---|---|---|
Ikuskera etikoa. Garapenaren definizioa gizartearen pentsamenduaren eta nagusitu diren balioen arabera bilakatu da. 80. hamarkadara arte garapena herrialde bakoitzaren hazkunde ekonomiko gisa ulertzen zen baita hazkunde horrek gizabanako bakoitzaren aukerak handitzen zituela ere. Hamarkada honetan, kontzeptua bilakatzen hasi da. 1986an Nazio Batuen Batzar Orokorrak Garapenerako Eskubideari buruzko Adierazpena onartu zuen, giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak erabat gauzatzeari lotuz. Ondoren Garapenerako Nazio Batuen Programak (GNBP) giza garapenaren terminoa sortu zuen Amartya Sen-en eta gizakiaren aukerak nabarmendu zituzten beste pertsona batzuen lanari esker. Giza garapena gizakiaren aukerak, gaitasunak (pertsonek beren bizitzan egiteko edo izateko dituzten aukera anitzak) eta askatasunak zabaltzeko eta hobetzeko prozesua da. GNBPrentzat giza garapenerako nahitaezkoak diren oinarrizko gaitasunak honako hauek dira: bizitza luze eta osasuntsuaz gozatzea, hezkuntza jasotzea, pertsona duintasunez bizitzea ahalbidetzen duten baliabideak eskuratzea eta komunitateari dagozkion erabakietan parte hartzeko aukera izatea. Gaur egun garapenaren paradigmaren azterketa kritikoa zabaltzen ari da, hainbat dimentsiori dagokiona hain zuzen. Azken hamarkadan Desazkundearen proposamen antidesarrollistak sendotu egin dira Europan; proposamen horiek Bizimodu Onaren paradigmatik eta herri eta komunitateen antzinako jakintzatik eta esperientzietatik datoz. Proposamen horiek garapen-paradigma gisa metatze kapitalistaren eredua ‘gainditzeko’ premia planteatzen dute, hain zuzen ere planetaren iraunkortasunarekin eta justizia sozial handiagoarekin bateragarria den bizimodua izateko.
Bibliografia: Celorio, G.; eta López de Munain, A. (2007): Garapenerako Hezkuntzaren Hiztegia. Hegoa Institutua. Bilbo. Herrero, Y.; eta Pascual, M. (2010): Ecofeminismo, una propuesta para repensar el presente y construir el futuro. CIP Ecosocial, 10. zenbakiko ECOS buletina, urtarrila-martxoa 2010. Herrero, Y.; eta González Reyes, L. (2011): ‘Decrecimiento justo o barbarie’, Desarrollo, cooperación y empresas transnacionales. Pueblos, 49. zenbakia, 2011ko abenduko ale berezia.
|
Gabetzea | Abrir> | |
---|---|---|
“Norbaiti daukan eta baliatzen duen zerbait kentzea indarkeria erabiliz”, horrela definitzen dute gure hiztegiek. Giza eskubideen ikuspegitik, gabetzea desjabetze- eta utzarazte-prozesu bat da eta horren bidez pertsonei eta komunitateei berezko eskubideak edo lortutako eskubideak kentzen zaizkie hainbat arlotan, esaterako, lurrak, lurraldeak, ondasunak eta/edo edozein motatako eskubideak (zibilak, politikoak, sozialak, kulturalak, ingurumenekoak eta abar). Gabetzeak hainbat xede izan ditzake. Besteak beste, proiektu eta megaproiektu ekonomikoak direla-eta lurralde bateko baliabideak ustiatzea, lurraldea kontrolatzea bestelako eragileen (armatuak eta/edo ekonomikoak) jardunarekiko eta herritarrak kontrolatzea pobrezia eta eskubideak ez eskuratzea eraginez. Hainbat metodoren bidez gauzatzen da: salerosketa irregularrak, lekuko faltsuekin eginiko iruzur prozesal bidezko transferentzia judizialak, utzarazteak eta indarkeria bidezko desplazamendu behartuak, besteak beste.
Bibliografia: CEAR Euskadi (2012): Indarrez kentzearen aurka. Kapitalismoa, ingurumen-hondaketa eta behartutako lekualdaketa. Kolonbiako eta Ekuadorko kasuen analisia. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo. CNRR eta IEPRI (2009): El despojo de tierras y territorios: aproximación conceptual. Área de Memoria Histórica de la Comisión Nacional de Reparación y Reconciliación, e Instituto de Estudios Políticos y Relaciones Internacionales de la Universidad Nacional de Colombia. Bogota.
|
Segurtasun juridikoa | Abrir> | |
---|---|---|
Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak (LMB) ‘segurtasun juridikoaren’ honako definizio hau ematen du: “eskubide-subjektuek beren egoera juridikoaren inguruan duten ziurtasuna, hau da, egoera hori soilik beren eskubideak bermatuko dituzten prozeduren bidez (aldez aurretik ezarritakoak) aldatu ahal izango dela. Arauek jokabideak erregulatzeko duten eraginkortasunaren isla praktikoa da.”
Bibliografia: Pulido, A. (2012): ‘Militarizazioa’ honako hiztegi honetan: Enpresa transnazionalei buruzko Hiztegi Kritikoa. Korporazio handien botereari aurre egiteko gakoak. Bakea eta Duintasuna. Antrazyt bilduma, Icaria, Bartzelona.
|
Lex Mercatoria | Abrir> | |
---|---|---|
Lex Mercatoria edo Merkataritza Eskubide Globala enpresa transnazionalen eskubideak babesten dituzten merkataritza-kontratuen, inbertsioen eta arauen multzoa da. Nazioarteko eremuan arautzen dira eta izaera bilaterala edo multilaterala izan dezakete. Giza eskubideen urraketei dagokienez, enpresek Arbitraje Auzitegietara eta Munduko Merkataritza Erakundearen Gatazkak Konpontzeko Sistemara jo dezakete, horiek ere Lex Mercatoria edo Merkataritza Eskubide Globala deitutako multzoan biltzen baitira. Enpresa transnazionalen betebeharrak ez dira Lex Mercatorian biltzen eta ez dira nazioarteko eremuan arautzen, eremu nazionalean baizik. Enpresa transnazionalek nazioarteko eremuko jarduera garatzen dute eta beren eskubideak eremu horretan zaintzen dira baina beren betebeharrak jarduten duten herrialdeetako nazio-kontrolari mugatuta daude enpresa nagusia kokatuta dagoen lekua kontuan izan gabe. Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak (LMB) salatu du enpresa transnazionalek zuzenean edo zeharka Estatuetako eta nazioarteko arau-produkzioa baldintzatu egiten dutela mundu-mailako akordio formalen eta informalen bidez eta gatazkak konpontzeko berariazko mekanismoen bidez; betiere, botere judizialaren irizpide eta oinarrietatik kanpo. Enpresa transnazionalek lortzen dituzten itun eta kontratu-baldintzak lortu ziren inguruabarrak kontuan hartu gabe (gobernu diskrezionaletan, gatazka armatuetan eta abar) blindatzen eta babesten dira, hain zuzen ere enpresa horien jarduerak instalatzen diren herri eta nazioen garapenerako eskubidean eta subiranotasunean izan ditzaketen ondorioak edozein izanik ere. Biktimek nazioarteko mekanismoak eskuratu ahal izateko giza baliabiderik eta baliabide finantzario eta teknikorik ez izateak eta eskualdeko eta nazioarteko organoen erabakiak ez betetzeak eta ez gauzatzeak pertsonek eta komunitateek enpresa transnazionalekiko duten kalteberatasuna areagotzen dute.
Bibliografia: Hernández, J. (2012): ‘Arau-asimetria’ eta ‘Lex mercatoria’ honako hiztegi honetan: Enpresa transnazionalei buruzko Hiztegi Kritikoa. Korporazio handien botereari aurre egiteko gakoak. Bakea eta Duintasuna. Antrazyt bilduma, Icaria, Bartzelona. |
Asiloari buruzko hiztegia: https://cear-euskadi.org/diccionario/ .