Migrazioa edo lekualdatzea

Biztanleriaren mugimenduen arrazoiak eztabaidagai 

“Erregimen autoritarioetan indarkeriaren eduki ekonomikoa estaltzen da, erregimen formalki demokratikoetan ekonomiaren eduki indarkeriazkoa estaltzen den artean”.

Bertolt Brecht

Hiru kezka handitan du iturburua lan honek:

  • Egun Europan, eta bereziki estatu espainiarrean, asilo-eskubidea interpretatzeko garaian nagusitu den gogo-hertsikeria: nor den pertsona errefuxiatua.
  • Babes bila etortzen direnak etorkintzat hartzea: ‘migrazio ekonomikoa’ deituan ezkutatzen dira biztanleen mugimendu behartu asko eta asko; ‘nahitako’ migrazioa bide da, eta ‘erakartzeko’ parametroetatik aztertzen da, eta ez ‘uxatzeko’ parametroetatik (egozteko ondorioekin).
  • Eredu estraktibistaren eragina Hegoalde globaleko pertsonen eta komunitateen bizimoduen desagerpenean eta beren lekualdaketan.

Behartutako lekualdaketa zehazten duten elementuen zehaztapen inklusiboago eta integralago baterantz egiteko urrats batzuk egiteko erabakia hartu genuen historikoki diskriminatu egin den ikuspegi bat, eskubide ekonomikoena, sozialena, kulturalena eta ingurumenekoena kontuan harturik, eta asilo-eskubidea eskubide politikoen urratzera mugatutako babes-mekanismoa delako interpretazioa deseginik.

ABIARAZTEKO PREMISAK 

  1. Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen esparruan ez dira eskubide ekonomikoen, sozialen eta kulturalen urratze larri edo sistematiko edo iraunkorrak ez eta ingurumen-degradazioa (aipatu eskubideetan ondorioak baititu) ezagutzen behartutako lekualdaketaren arrazoi gisa.
  2. 2. Errefuxiatuen Estatutuari buruzko 1951ko Genevako Hitzarmenaren babesean lekurik ez duen pertsona da migratzailea, nahiz eta haren lekualdaketa behartua izan litekeen lurralde eta nazioarteko beste tresna batzuek finkatutako premisen arabera.

Migrazio ekonomikoa eta behartutako lekualdaketa bereiziko dituen muga izan litekeenari buruzko gogoetari zabaldu nahi dizkiogu ateak.

Migrazio ekonomikoaren izenaren gibelaldean behartutako lekualdaketa ezkutatzen ote den jakin nahi dugu, eta nola bereizi egitura-indarkeria edo jazarpena irudikatuko ez luketen beste hertsatze eredu batzuen indar egozleak.

Kolonbia eredu hartuta

Saiakera honetan eta proiektu honen esparruan bideratutako ikerlan osoan Kolonbiako kasua aukeratu dugu, izan ere kasu paradigmatikoa da besteak beste honako elementu hauengatik:

  • Luzaroan izan zen estatu espainiarrera nazioarteko babes bila iristen ziren pertsona errefuxiatuen jatorriko herrialde nagusia.
  • Pertsona askoren heriotza eta desagertzea eragin duen gatazka armatu historikoa, soziala eta politikoa bizi du, eta testu honen garapenean azalduko dugun bezala, erabat eraldatu da, baliabide naturalak eskuratzeko borroka bihurtu da gatazkaren muin.
  • Une honetan bost milioi lagun baino gehiago daude Kolonbian barne-lekualdatzeko egoeran. Siriaren ondoren, lekualdatutako biztanle gehien dituen bigarren herrialdea da munduan.
  • Europak eta Espainiak oso maite dute Kolonbia enpresa-inbertsioak egiteko, eta eredu gisa aipatzen da nazioko enpresen, multinazionalen eta hirugarren herrialdeen interes ekonomikoak ongi asko zaintzen dituelako.

Testuinguru horretan, ez da gure asmoa Kolonbian eta Kolonbiatik gertatzen ari diren lekualdatze behartuen jatorriaren azterketa partekatzea. Kasu hori interesatzen zaigu aukera ematen digulako azterketa estrapolagarriak egiteko eta migrazioen teoria eta asiloa benetako agertokiekin lotzeko.

Globalizazio kapitalistaren eta mugen itxieraren testuinguruan behartutako lekualdatzeei buruzko eztabaida zabalari heltzen zaio, beste agertoki batzuetan birsortzen ari diren praktika batzuen adibide gisa Kolonbiako kasua kontuan harturik.

 

Dimensión Pedagógicak ebaluatu du proiektu hau.

Jaitsi Ebaluazio Txostena

 

WordPress theme: Kippis 1.15