Proiektua

Genero-arrazoiengatiko jazarpena: jatorriko herrialdeei buruzko informazioa asilo-eskubidearen esparruan”.

Egungo Asiloaren Legeak (12/2009 Legea, urriaren 30ekoa, asilo-eskubidea eta ordezko babesa arautzen dituena) asiloa emateko kausatzat hartzen du generoari eta sexu-joerari lotutako arrazoiengatiko jazarpena. Aitorpen formal horrek bilakaera adierazten du aurreko legediarekin alderatuta. Halaber, garrantzi handiko aurrerabidea da, bai emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren ildoan, bai lesbiana, gay, transexual, transgenero, bisexual eta intersexualek pairatzen dituzten indarkeriak aitortzeko bidean ere.

Hala eta guztiz ere, zio horiengatik jazarpena pairatutako pertsonei asilo-estatutua aitortzen zaie, “jatorriko herrialdean indarrean dauden inguruabarren arabera”. Baldintza horrek beste eragozpen bat dakarkie pertsona horiei eta asilo-prozeduretan laguntzen duten erakundeei. Izan ere, ez da horrelakorik eskatzen Espainiako legean jasotako gainerako arrazoi guztietarako (arraza, erlijioa, nazionalitatea, gizarte-talde bateko kide izatea, iritzi politikoa), ez eta Errefuxiatuen Estatutuari buruzko 1951ko Genevako Konbentzioan ere, jakina.

Erkidego askotako giza eskubideen aldeko erakundeek adierazten dutenez, oso zaila da giza eskubideen urraketei buruzko informazio sinesgarria biltzea. Izan ere, erkidego horietan, hizpide ditugun gizarte-eskubideak ez dira oraindik erabateko giza eskubidetzat hartzen, eta estatuko egiturek eta estatuz kanpoko egiturek urraketa horiek ezkutuan gordetzen dituzte. Gainera, gertatutakoa argitzeko eta egileak epaitzeko ikerketa egiteak jazarpena pairatzeko arriskua dakar.

Proiektu honen bidez, CEAR-Euskadik, nazioarteko erakundeekin, giza eskubideen aldeko erakundeekin, eta Iparraldeko eta Hegoaldeko adituekin lankidetzan, asilo-eskubidea aldarrikatzeko bidean aurrera egiteko asmoa du, genero-arrazoiengatiko jazarpena pairatzen duten pertsonei babesa emateko neurri gisa, bai eta sexu- eta ugalketa-eskubideak oinarrizko eskubidetzat hartzen dituen interpretazioaren alde ere.

Horretarako, azken hamar urteotako lanaren baitan, genero-arrazoiengatiko jazarpena jasaten duten pertsonen asilo-eskubidea defendatzeko lana sakontzen eta antolatzen jarraitzea du helburu ekimen honek. Halaber, euskal gizarteko eragile estrategikoak sentsibilizatu nahi ditu, jazarpen-modu adierazgarrienei erreparatzearen bidez, eta zio horiengatik jazarpena pairatzen duten pertsonen jatorriko herrialdetako egoerei buruz dagoen informazioa aztertuz.

Espero dugu lan hau lagungarria izatea fenomeno hori guztia hobeto ulertzeko.

Proiektuari buruzko informazioa eskura dezakezu webgune honetan: http://www.sinrefugio.org/ipo/