Asilo eta genero

Genero-arrazoiengatiko jazarpena eta asilo-eskubidea

Genero-arrazoiengatiko jazarpena

Asilo-eskubidearen nazioarteko babesaren ikuspuntutik, honela defini daiteke jazarpena: giza eskubideak larriki, sistematikoki edo etengabe urratzea. Diskriminatzea eta tratu okerragoa ematea jazarpenaren baliokide izan daitezke, eta beraz, kasu horietan ere nazioarteko babesa beharrezkoa izan daiteke. Genero-arrazoiengatiko jazarpena gertatzen dela esaten dugu, baldin eta giza eskubideen urraketek zerikusia badute pertsona bati bere genero-identitateagatik (emakumezkoa, gizonezkoa, transexuala…) edo sexu-joeragatik ematen zaion rolarekin.

Emakumeek eta “arauz kanpoko” pertsonek (hau da, arauekin bat ez datozen identitatea eta sexualitatea dituztenek) diskriminazioa eta jazarpena jasaten dituzte, batik bat beren sexualitatea, ugaltzeko gaitasuna eta gorputza kontrolatuz. Gida honetan emakumeez eta LGTTBI pertsonez (lesbianak, gayak, transexualak, transgeneroak, bisexualak eta intersexualak) arituko gara, nahiz eta asko ez diren sigla horiekin identifikatuta sentitzen.

Asilo-eskubidea generoaren ikuspuntutik

Horri buruzko lehen erreferentzia arauemailea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jaso zen[1]. Haren ondoren, Errefuxiatuen Estatutuari buruzko 1951ko Genevako Konbentzioa[2] (aurrerantzean, Genevako Konbentzioa) eta 1967ko New Yorkeko Protokoloa, nazioarteko beste tresna batzuekin batera, errefuxiatuen babeserako nazioarteko zuzenbidea osatuz joan dira, eta horretan oinarritu dira legedi nazionalak.

Espainiar estatuak 1979. urtean egin zuen bat Genevako Konbentzioarekin, eta 1984an onartu zuen, lehendabizikoz, Asilo Eskubidea eta Errefuxiatu Izaera Arautzeko Legea. Lege horretan zenbait aldaketa egin ziren, eta 2009an, beste lege batek ordeztu zuen.

Egungo Asiloaren Legeak (12/2009 Legea, urriaren 30ekoa, asilo-eskubidea eta ordezko babesa arautzen dituena) asiloa emateko kausatzat hartzen du generoari eta sexu-joerari lotutako arrazoiengatiko jazarpena[3]. Aitorpen formal horrek bilakaera adierazten du, aurreko legediarekin alderatuta. Halaber, garrantzi handiko aurrerabidea da, bai emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren ildoan, bai lesbiana, gay, transexual, transgenero, bisexual eta intersexualek pairatzen dituzten indarkeriak aitortzeko bidean ere.

Atzerapauso nagusiak

Jatorriko herrialdean indarrean diren inguruabarrak

Dena den, jazarpenerako beste zio batzuekin —arraza, erlijioa, nazionalitatea, gizarte-taldea eta iritzi politikoak— gertatzen ez den bezala, Asiloaren Legean adierazten da generoak eta sexu-joerak ez dutela, berez, jazarpenerako bide ematen; hau da, jazarpena jatorriko herrialdean indarrean dauden inguruabarren araberakoa izango dela[4].

Pertsona bat errefuxiatutzat aitortu dezaten, beldur funtsatua jasana behar du izan, eta gainera, hori frogatu. Espainiar estatuan, Asilo eta Babes Bulegoa (OAR) da asilo-eskaerak izapidetzeko organo eskumenduna, Barne Ministerioari atxikitakoa. Eskatzaileak ihes egin izana arrazoitzen duten baldintzak izan behar dira ezinbestean, baina gertaera horiek ez dute zertan izan jatorriko herrialdean indarrean diren inguruabarrak.

Giza eskubideen erakundeek eta gizarte-taldeek adierazten dutenez, oso zaila da giza eskubideen urraketei buruzko informazio sinesgarria biltzea. Izan ere, erkidego horietan, hizpide ditugun gizarte-eskubideak ez dira oraindik erabateko giza eskubidetzat hartzen, eta estatuko egiturek eta estatuz kanpoko egiturek urraketa horiek ezkutuan gordetzen dituzte. Gainera, gertatutakoa argitzeko eta egileak epaitzeko ikerketa egiteak jazarpena pairatzeko arriskua dakar.

Erkidegoko herritarrak baztertzea eta herrialde “seguruak”

Kezkagarria da erkidegoko herritarrak asiloa eskatzeko eskubiderik gabe uztea Espainiar estatuan. Asiloaren Legeak babesa eskatzeko aukeraz gabetzen ditu. Horrez gain, segurutzat hartzen dituzten herrialdeetatik datozen pertsonak ere baztertzen ditu[5]. Hau da, pertsona horien eskaerak baztertu egin daitezke, Genevako Konbentzioan adierazitakoari jarraiki kasu bakoitza banan-banan aztertu gabe.

Muga horiek Espainiar estatura asiloaren bila iristea lortzen duten pertsona errefuxiatu guztiei eragiten diete, baina eragin berezia dute emakumeengan eta LGTTBI pertsonengan. Pertsona horiek jazarpena eta diskriminazioa jasaten dituzte Europar Batasunean eta beste herrialde demokratiko batzuetan, gobernu askok ezin baitituzte beti babestu edota ez baitituzte babestu nahi. Pertsonak sexu-esplotaziorako salerostearen biktima diren emakume asko Europar Batasuneko herrialdeetatik datoz. Horrez gain, askotan, genero-arrazoiengatiko indarkeriak eremu pribatuan, familian edo komunitatean gertatzen dira, eta beraz, ez dira kontuan hartzen jatorriko herrialdeetako politika- eta gizarte-testuinguruak aztertzen dituzten giza eskubideen arloko txostenetan.

Azken hamarkadetan, herrialde askotan egin dira aurrerapenak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eta LGTTBI pertsonen eskubideen aitorpenari dagokienez, eta CEAR-Euskadin, badakigu aurrerapen horiek bultzada ematen diotela pertsonen askatasunari eta duintasunari; hala ere, aurrerapen horiek ez dira haiek babesteko bestekoak. Ezin dugu albo batera utzi eskubideen titulartasuna izatearen eta eskubide horiez gozatzearen artean dagoen alde izugarria.

Europan, ongizate-estatua suntsitzen ari direla ikusten dugu, eta horrek, noski, funtsezko eskubideen murrizketa gehiago ekarriko ditu, sexu-eskubideen eta ugalketa-eskubideen murrizketak, besteak beste; Espainiar estatuan, jada, horrelako egoerak ikus ditzakegu.

Asilo-eskaerak diplomazia-bidetik

2009. urteaz geroztik, gainera, ezin da asiloa eskatu Espainiako diplomaziaren misioetan eta kontsuletxeko bulegoetan. Pertsona bat bere jatorriko herrialdetik kanpo egonez gero soilik erabil zitekeen bide hori, eta praktikan, ia ez zuen batere eraginik. Dena den, babesa eskuratzeko oso tresna garrantzitsua zen, are gehiago ikusirik Europar Batasunak militarren, enpresa pribatuen eta giza eskubideak errespetatzen ez dituzten hirugarren herrialdeen esku utzi duela mugak gainbegiratzeko ardura.

Espainiako Gobernuak aukera hori kendu du Legetik, Espainiak Egipton duen enbaxadan irakiar errefuxiatuek aurkeztutako babes-eskaeren ondotik; irakiar errefuxiatu horiek, hain zuzen, lekualdatu egin behar izan zuten, Espainiak parte-hartze aktiboa izan zuen gerraren ondorioz. Neurri bidegabea da, eta inongo justifikaziorik gabea; gainera, ondorio espezifikoak ditu emakumeentzat eta LGTTBI pertsonentzat.

Emakumeen ihesaldia ez da gizonen ihesaldiaren baldintza berdinetan gertatzen. Izan ere, bidean gurutzatzen dituzten agintarien aldetik gehiegikeria fisikoak eta sexualak jasateko arriskua dute, bai eta beraiekin batera ihesean doazen gizonen aldetik ere. Horrez gain, emakume asko salerosketa-sareek harrapatzen dituzte, sexu- eta lan-esplotaziorako. LGTTBI pertsonek ere ahultasun- eta diskriminazio-maila handia bizi dute, markatu eta jazarri egiten dituzten herrialdeetara sartzera edota herrialde horietan jarraitzera behartzen baitituzte. Horrez gain, pertsona trans gehienek ez dute izaten beren identitatea adierazten duen dokumenturik, eta horrek nabarmen areagotzen ditu batetik bestera mugitzeko zailtasuna eta agintarien aldetik gehiegikeriak jasateko arriskua.

Zenbait aurrerapen

Hala eta guztiz ere, ezin ditugu albo batera utzi Legeak ekarri dituen zenbait aurrerapen, ez eta genero-arrazoiengatik jazarritako pertsonen asilo-eskubidea aitortu izana ere, nahiz eta muga batzuk izan. Komunitateak, familiak eta abarrek (ez estatuko kideek) eragindako indarkeriatik ihesi zetozen pertsonen kasuak aztertzeari ekin dio Espainiako estatuak, poliki-poliki. 2009ko Asiloaren Legean, berariaz aipatzen dira estatuaz kanpoko eragileak jazarpen-eragileen edo kalte larrien eragileen artean. Oso urrats garrantzitsua da arlo pribatuan jazarpena jasaten dutenentzat.

Asiloaren Legearen esparruan, funtsezkoa da jasandako jazarpenean jatorriko herrialdeak zer funtzio izan duen jakitea. Espainiar estatuak ezinbestean babestu behar ditu pertsona errefuxiatuak, haien jatorriko herrialdeko estatuak jazartzen dituenean edota jazarpena sustatzen duenean, baina baita jazarpen hori onartzen duenean edota horrelakorik ez gertatzeko neurririk hartu ezin duenean edo hartu nahi ez duenean ere.

Oso garrantzitsua da, halaber, biktimagileak biktimari ezartzen dizkion ezaugarriak bereiztea. Talde homofoboek ez dute pertsona bat jazartzen homosexuala izateagatik bakarrik; hau da, homosexuala emateagatik ere jazartzen dituzte, homosexualei atxikitzen zaizkien ezaugarriak izateagatik, egiaz bakoitzaren identitatea edo sexu-joera zeinahi izanda ere. Jazarleak pertzepzioei jarraitzen die, eta pertzepzio horiek ez dira beti zuzenak izaten. Testuinguru askotan, emakumeok talde berezitzat hartzen gaituzte; gizonen azpitik gaudela uste dute, haien mendean, eta gurekin salerosketan jardun daitekeela.

Legeak ezartzen duenez, Administrazioak neurriak hartu behar ditu asiloa eskatzeko elkarrizketa egitean, beharrezko denean, sexu-arrazoiengatiko tratamendu berezia emateko. Horrez gain, adierazten du kontuan hartuko direla arrisku-egoeran dauden eta nazioarteko babesaren eskatzaile edo onuradun diren pertsonen egoera espezifikoak; pertsona horien artean sartzen dituzte haurdun dauden emakumeak eta torturak, bortxaketak edo indarkeria psikologikoaren, fisikoaren edo sexualaren beste modu larriago batzuk jasan dituzten pertsonak, bai eta pertsonen salerosketaren biktimak ere.

Bestalde, aukera ematen du babes-estatutu bat lortu duten pertsonek babes hori beren familiako gainerako kideei ere zabaltzeko; ildo horretan, ezkontidea edota afektibitate- nahiz bizikidetza-harremana dela-eta hari lotutako pertsona aitortzen du. Ñabardura hori ere funtsezkoa da LGTTBI pertsonentzat, askotan ez baitute ezkontzeko eskubiderik beren jatorriko herrialdeetan.

Oharkabeko homofobia

Nolanahi ere, deigarria egin zaigu Legearen idazleek sexu-joera hitzez hitz “argitzeko” beharra edo horren egokitasuna sentitu izana, honako hau erantsiz: inondik inora ezingo da sexu-joeratzat hartu Espainiako araudi juridikoan delitutzat tipifikatutako jokabideak izatea. Tamalez, adierazpen homofoboa, praktikan ondoriorik ez duena baina irudimenean eraginak dituena. Izan ere, beste behin, homosexualitatea jokabide marjinalekin edo delituzko jokabideekin lotzera bultzatzen du. Horrez gain, Legean klausula bat dago jasota, jatorriko herrialdean delitu larri bat egin duten pertsonek babesik jaso ez dezaten.

Errealitatea

Azterketa txiki hau baliatu nahi da, genero-ikuspegitik, Asiloaren Legearen irakurketa azkar bat egiteko, hots jakiteko zertan egin den aurrera eta zertan atzera, zer berme eta muga dituen…; dena den, ez du azaleratzen aplikazioari dagokionez bizi den errealitate etsigarria: Espainiara iristen diren pertsona errefuxiatu gehienek ez dute babesik jasotzen, eta kasuen erdia baino gehiago baztertu egiten dituzte, aztertu ere egin gabe.

Diskrezioz jokatzeko eskakizuna

LGTTBI pertsonei dagokienez, bereziki kezkatzen du diskrezioz jokatzeko eskakizun hori aplikatzea asilo-eskubidearen eskaerak onartzeko eta atzera botatzeko, argudiatuz pertsona batek ez duela jazarpenik jasango baldin eta bere sexu-joera edo genero-identitatea ezkutuan gordetzen badu. Eskakizun hori Genevako Konbentzioaren, Europako araudiaren eta Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren arauen aurkakoa da, eta norberaren sexu-joeraren edo genero-identitatearen arabera aske bizitzeko eskubidea urratzen du.

Modu horretan jokatuta, Espainiako asilo-politikak jarrera homofobo eta transfobikoen alde egiten du, asiloa eskatu duten pertsonek beren herrialdetik ihes egitearen motibo diren jarreren alde, hain zuzen.

Herrialde barneko lekualdaketa

Genevako Konbentzioan jasota ez dagoen arren, Espainiako Gobernuak herrialde barneko lekualdaketa deritzona hartzen du oinarri nazioarteko babesaren eskaerak ukatzeko, nahiz eta gauza jakina izan kasuan-kasuan dagokien herrialdean homofobia edo transfobia nagusi direla.

Babesak eraginkorra izan behar du, eta beraz, herrialde barneko lekualdaketa ez da alternatibatzat erabili behar sexu-joera eta genero-identitatea kriminalizatuta dauden herrialdeetan, ez eta arazorik ez izateko ‘diskrezioz’ jokatu behar den kasuetan ere.

Pertsonak sexu-esplotaziorako salerostea

Espainiako Gobernuak sistematikoki egiten dio uko sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima diren emakumeen asilo-eskubideari, ACNURen gomendioei eta inguruko herrialdeen jarduteko moduari aurka eginez.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, espainiar estatua sexu-esplotaziorako salerosketa-sareen helburuko herrialde nagusien artean dago; hala ere, Asilo eta Babeserako Bulegoak[6] irizten dio jazarpen-mota hori ezin dela sartu Genevako Konbentzioaren esparruan, zenbait arrazoi direla eta. Batetik, adierazten du jazarlea ez dela estatua, eta estatuak ez duela tolerantziaz jokatzen indarkeria horrekin; bestetik, esplotazio-egoera hirugarren herrialde batean gertatzen dela (adibidez, Marokon eta espainiar estatuan), ez jatorriko herrialdean; eta azkenik, salerosketa jokabide kriminaltzat hartzen dela, ez talde jakin baten aurkako jazarpen-modutzat.

Horrez gain, babes-mekanismoa Atzerritar Legearen[7] 59bis artikuluak arautzen duela irizten dio. Esparru horretan, biktimen babesa baldintzatuta dago; hau da, babesa lortzeko, biktimek eurek salatu behar dute egoera, eta horrez gain, agintariekin elkarlanean jardun behar dute, esplotazio-sareak desegiteko.

Bi tresna horietako bakar bat ere ez da baliatzen modu eraginkorrean, eta praktikan, emakumeak babesik gabe daude, eta beren jatorriko herrialdeetara itzularazteko arriskua dute, gainera.

Sexu-esplotaziorako pertsonak salerostearen biktima diren emakumeak errefuxiatutzat aitortu ditzakete, baldin eta arrazoi hauek badaude:

-          Pertsonen salerosketa jazarpen-modutzat hartzea, egoeraren larritasuna eta emakumeek bizi dituzten esplotazio-baldintzak direla eta.

-          Jazarleek gizarte-talde zehaztzat hartzea emakumeak, beren ezaugarri bereziak direla eta, eta horren ondorioz, emakume horiek jazartzea.

-          Jazarpena estatuko agenteek eta estatukoak ez direnek eragitea. Estatuak, bere egituren bitartez, parte hartzen du, zuzenean edo zeharka, sareen jardueran edota ez da gai errealitate horri aurre egiteko eta biktimak babesteko.

-          Biktimek beren bizitza arrisku larrian jartzen duten egoerei aurre egin behar izatea, baldin eta beren jatorriko herrialdeetara itzularazten badituzte.

Ez itzularazteko printzipioa

Asilo-babesa izateko lehen urratsa da herrialde seguru batera iristea. Hau da, norberaren herrialdetik atera, militarrek jositako mugak zeharkatu, izapide diskriminatzaileei aurre egin, eta basamortuan, itsasoan nahiz alanbre-hesietan bizirautea lortu behar dute. Gaur egun, hori lortzea bera herrialde askok osatutako batasun handiari erronka irabaztea da, giza baliabideen, baliabide materialen eta militarren kantitate lotsagarriak inbertitu baitituzte politika zentzugabe bat martxan jartzeko, pertsonak beren jatorriko herrialdetik ez irtetea xede duen politika, hain zuzen. Gainera, beren herrialdetik irtetea lortuz gero, bidean geldiaraztea du helburu politika horrek, eta hirugarren herrialde batera iritsiz gero, beren jatorriko herrialdeetara itzularaztea.

Nazioarteko Zuzenbidearen arabera, estatuek debekatuta dute pertsona bat kanporatzea edota beste herrialde bateko lurraldera itzularaztea, baldin eta herrialde hartan haren bizitza edo askatasuna arriskuan badago, edota tortura, tratu ankerra nahiz umiliagarria edo giza eskubideen beste urraketa batzuk jasan baditzake.

Ez itzularazteko printzipioa Genevako Konbentzioaren 33.1. artikuluan dago jasota, asilo-eskubidea gauzatzeko ezinbesteko bermetzat. Baina, aldi berean, torturaren eta tratu edo zigor krudel, jasangaitz edo iraingarrien ohiturazko debekuaren funtsezko osagaia da. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmeneko 3. artikuluan adierazten denez, ezingo da inor torturatu, ez eta inori zigor edo tratu ankerrik edo umiliagarrik eman ere. Bestalde, Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker eta umiliagarrien aurkako hitzarmenak (3.1. artikulua) debekatu egiten die estatuei pertsona bat beste estatu batera kanporatzea, itzularaztea edo estraditatzea, baldin eta arrazoi sendoak badaude pentsatzeko torturak jasateko arriskuan dagoela.

Ildo horretan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak erabaki du (Soering kasua) tratu txarren aurkako Europako Hitzarmenaren 3. artikuluak ezarritako debekua erabatekoa dela kanporatzeari dagokionez ere. 

Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioak, giza eskubideak babesteko tresna horietan eta beste tresna batzuetan oinarrituz (esaterako, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenaren 7. artikuluan, Banjuleko Gutunaren 5. artikuluan, eta Giza Eskubideen aldeko Amerikako Konbentzioaren 5.2. artikuluan), berriro azpimarratu du horrelako ekintzen debekuaren baitan sartzen dela pertsona bat kanporatzea edo itzularaztea, torturak nahiz tratu edo zigor ankerrak eta umiliagarriak jasotzeko benetako arriskua duela pentsatzeko funtsezko arrazoiak dauden herrialde batera. Debeku hori aplikatzen da, halaber, pertsona bat tratu desegoki hori jasotzeko benetako arriskua duen hirugarren herrialde batera kanporatu edo itzularazi dezakeen herrialde batera kanporatzeari edo itzularazteari dagokionez.

Printzipio hori ez betetzeak nazioarteko babes-bermerik gabe uzten ditu pertsona errefuxiatuak. Estatuan, nazioarteko uretan eta iragaitzako herrialdeetan derrigorrean bete behar da printzipio hori, betiere Guardia Zibilak edo beste funtzionario batzuek jarduten badute, edo horien izenean, garraio-enpresek, segurtasunekoek edo antzekoek egiten badute.

 



[1] 14. artikulua: Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea.

[2] Aurrerantzean, Genevako Konbentzioa.

[3] Atariko titulua, 3. artikulua: errefuxiatuen definizioa. Errefuxiatu izaera aitortzen zaio arraza-, erlijio- eta nazionalitate-arrazoiengatik, iritzi politiko batzuk aldezteagatik edo gizarte-egoeran, generoan edo sexu-joeran oinarritutako talde jakin bateko kide izateagatik jazarpena nozitzeko beldur funtsatuak direla medio bere herrialdetik kanpo dagoen pertsona orori, beldur horien ondorioz jatorriko herrialdearen babesa onartu ezin edo nahi ez duelako; bai eta iheslariei ere, nazionalitaterik eduki ez eta iraganean ohiko bizilekua zuten herrialdetik kanpo daudelarik, aipatutako arrazoi edo beldurrengatik herrialde horretara itzuli ezin edo nahi ez badute, betiere pertsona horiek ez badaude 8. artikuluan jasotako bazterketa-arrazoiren batean, ez eta 9. artikuluko ukatze- edo baliogabetze-arrazoiren batean ere.

[4] 1. titulua, 7. artikulua: Jatorriko herrialdean indarrean diren inguruabarren arabera, giza talde jakin kontzeptuan sartzen da sexu-joera edo -identitateari edota adinari lotutako ezaugarri komun batean oinarritutako talde bat, baina alderdi horiek beren kabuz ezin dute artikulu hau aplikatzea ekarri (…). Era berean, jatorriko herrialdean nagusi diren egoeren arabera, definizioan sartzen dira genero-arrazoiengatik edota adinarengatik jazarpena nozitzeko beldur funtsatuak direla medio beren herrialdeetatik ihes egiten duten pertsonak, baina alderdi horiek beren kabuz ezin dute artikulu hau aplikatzea ekarri.

[5] (…) Kontseiluaren 2005/85/EE Zuzentarauaren 27. artikuluan araututakoari jarraiki, eta hala badagokio, Europar Batasunak egiten duen zerrendari jarraiki (…).

[6] Asilo eta Babeserako Bulegoa Barne Ministerioari atxikita dago, eta espainiar estatuan egiten diren asilo-eskaerak bideratzeaz arduratzen da.

[7] 2/2009 Lege Organikoa, abenduaren 11koa, urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa —atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzkoa, eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzkoa— aldatzen duena.