Ingurumen-errefuxiatua, pertsona

||

Susana Borras ikertzaileak ezartzen duen tipologia erreferentzia gisa hartuta, hondamendi naturalen ondorioz (hala nola lurrikara bat), oinarrizko baliabide naturalen narriaduraren ondorioz (beharbada klima-aldaketari lotutakoa, hala nola itsasoaren mailaren igoera, edo beste kausa batzuk) eta habitatean izandako aldaketa iraunkorren ondorioz (sarritan garapen-proiektu handiek eraginda) nahitaez desplazatu diren pertsonak ditugu. Borrasek ez ditu espresuki aipatzen, kategoria horien azpian badaude ere, eta halaxe biltzen dituzte beste egile batzuek, industria-istripuak eta produkzio-jarduera kutsagarrien beste ondorio batzuk.

Desplazamenduak aldi baterakoak edo iraunkorrak izan daitezke hainbat faktoreren arabera, hau da, ingurumen-narriaduraren larritasuna, harrera-lekuko bizi-baldintzak, eta itzuli eta bizi-bitartekoak berreskuratzeko duten aukera, besteak beste.

Zenbait egilek, ingurumen-arrazoiak direla-eta errefuxiatutako pertsonak aipatzerakoan, beren herrialdetik kanpo ez daudenak ere biltzen dituzte, hau da, barne-desplazamendu baten biktima izan direnak.

Errefuxiatu izendapena erabiltzea ingurumen-kausengatik ihes egin dutenentzat oso gai eztabaidatua da orain ere. Honako hauek ditugu terminologia hori erabiltzearen aurkako kritiken artean: barne-desplazamenduak eta nazioarteko desplazamenduak bereizi beharra; ingurumen-kasuak gainerako kasuetatik bereizteko zailtasuna, eta desplazamendu horien interpretazioa mugimendu adaptatibo gisa, zeinetan ez den babesgabetasunik izaten estatuaren aldetik, ezta jazarpenik ere 1951 Genevako Konbentziotik edo beste eskualde-tresna batzuetatik eratorritakoaren arabera.

UNHCR izendapen horren aurka dago uste duelako nahasgarria izan daitekeela eta errefuxiatuak babesteko nazioarteko araubidearen kaltetan ere izan daitekeela.

Baina komeni da kontuan hartzea ingurumen-narriadurak eragindako bizi-bitartekoen erabateko galeraren ondoriozko desplazamendua ezin dela adoptatibotzat edo migratzailetzat hartu. Desplazamendu behartua izango litzateke. Gainera, desplazatuak zein errefuxiatuak onesteko eta babesteko zenbait tresnak biltzen dituzte jada ingurumen-kausak edo eskaintzen dituzte haiek barnean hartuko lituzketen definizioak. 1998ko Barne Desplazamenduen Printzipio Gidariek zehazki aipatzen dituzte “hondamendi naturalak edo gizakiak eragindakoak”, eta Kampalako Konbentzioak zehazki jasotzen du proiektuen burutzapenaren ondoriozko desplazamendua, Afrikan industria-jarduerek izan duten eragin handiaren erakusgarri.

1969ko ABEren Konbentzioa sinatu zuten estatu batzuk errefuxiatu gisa onesten ari dira giza jardueraren ondoriozko ingurumen-degradazioak desplazatutako pertsonak. Errefuxiatuei buruzko 1984ko Cartagenako Deklarazioak ere zabaltzen du 1951ko Genevako Konbentzioak biltzen duen pertsona errefuxiatuaren definizioa. Ildo horretan, gogorarazi behar da Europan eta estatu espainolean ere badirela ingurumen gisa katalogatutako desplazamendu beharturen bat babestea ahalbidetuko luketenak, eta haien artean nabarmentzekoa da aldi baterako babesa desplazatuen multzo handiak etortzen diren kasuetan.

Print Friendly

Ingurumen-arrazoiengatik errefuxiatutakoen debatean garrantzitsua den eta oharkabean igarotzen ari den gai bat garapen-proiektu handiek eragindako desplazamenduak dira, kasu askotan 1951ko Genevako Konbentzioan sartzen baitira. Garapen-proiektu horiek urtegi handien eraikuntza, ureztatzeko kanalak, erauzpen-industriak (meatzaritza, petrolio-erauzketa eta abar) eta azpiegitura handiak biltzen dituzte. Sarritan gabetze-estrategien bidez ezartzen dira, populazio kalteberen aurka, eta babesgabetasun-egoeran uzten dituzte, bizi-baldintza duinak berreskuratzeko aukerarik gabe, eta enpresa nazional eta transnazionalen zerbitzura, enpresa horiek estatuarekin elkar hartuta eta tokiko komunitateen interesen aurka jarduten baitute.

Bibliografia

  • UNHCR (2011): Cambio climático y desplazamiento: identificación de vacíos y respuestas. Adituen mahaia. Bellagioko hitzaldi-zentroa.

  • Arenas, N. (2012): El cambio climático y los desplazamientos de población. La migración como estrategia de adaptación. Honako lan honetan: Cambio Climático, Energía y Derecho Internacional: Perspectivas de Futuro. GILES CARNERO, Rosa (koord.). Aranzadi Editorial. Zizur Txikia.

  • Borrás, S. (2008): Aproximación al concepto de refugiado ambiental: origen y regulación jurídica internacional. III Seminario sobre los agentes de la cooperación al desarrollo: refugiados ambientales, refugiados invisibles ekitaldikoa. Cadizko Unibertsitatea.

  • CEAR-Euskadi (2012): Indarrez kentzearen aurka. Kapitalismoa, ingurumen-hondaketa eta behartutako lekualdaketa. Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea Euskadin, Bilbo

  • MCADAM, J. (2010): Climate Change and Displacement: Multidisciplinary Perspectives. 1. arg. Erresuma Batuan: Hart Publishing.