Kapitalaren zikloak eta migrazio-politikak

Eduardo Romero. 

Cambalacheko immigrazio-taldeko kidea

edu_romero

Espainiar estatuan, hamabi milioi pertsona zeuden soldatapean 1994. urtean; handik hamahiru urtera, hogei milioi soldatapeko zeuden.

Espainiar estatuan, milioi bat etorkin zeuden 2000. urtean; zortzi urteren ondoren, ia sei milioi ziren soldatapean zeuden pertsonak.

Aldi horretan, kanpo-mugaren militarizazioa, asilo-eskubidearen mugatzea eta etorkinen aurkako salbuespenezko estatua oinarri zituen migrazio-politika garatu zen Espainiar estatuan; besteak beste, politika horren adibide hauek aipa ditzakegu: nonahiko sarekada arrazista handiak, umilazioak ziegetan, atzerritarrak barneratzeko zentroak, eta norberaren jaioterrira itzularazteko hegaldi makabroak.

Errepresio-bide horiek indarrean daudela ukatzeaz gain, Barne Ministerioak —bai eta alderdi politiko handiek eta sindikatu nagusiek ere— beti defendatu izan dute Estatuaren egitekoa dela migrazio-fluxuak kontrolatzea eta migrazio ordenatua sustatzea.Antza, horretarako dira kontrolak.

Komunikabideetako albiste bihurtuta, herritar gehienek, praktika eta argudio horiei buruz jardutean, Europako kapitalismoaren berrikuntza bailiran hartzen dituzte Espainiako migrazio-politika eta migrazio-prozesua bera.Baina, historiak gakoak ematen dizkigu prozesu hori aztertzeko, bai eta Espainiako ondoz ondoko gobernuek “migrazio-arazoari”heltzerakoan izan dituzten benetako arrazoiak ezagutarazteko ere.

Kapitalismoan, pertsonen mugikortasuna funtsezko elementua da sistemak aurrera jarraitzeko.Pertsonak makinen bidez ordeztea eta, ondorioz, langabezia sortzea eragin duen teknologia-garapenaz eta biztanleria-hazkundearen sustapenaz gain, barne-migrazioa (oro har, landa-eremuetako exodoak) edota nazioarteko migrazioa langileriaren eskaintza sustatzeko mekanismoetako bat izan da; eskaintza hori, gainera, batez besteko premien gainetik egon da.Ekoizpenaren hedapen-aldietan, lan egiteko prest behar baino jende gehiago egotea ezinbestekoa izaten da metatze kapitalistaren prozesurako.

Hala erakusten du Ingalaterrako industrializazio-prozesu aitzindariak.XIX. mendeko bigarren erdian, landa-eremuetako jendeak hirietara joan behar izan zuen soldata bat lortzeko fabriketan lan egitera, lurrari lotuta bizitzen jarraitzeko aukera kendu baitzieten.Hala ere, hirietara ez zen iritsi industrializazio- eta urbanizazio-prozesu bizkor hura sustatzeko beste jende.Hori zela eta, helburu hura lortzeko, irlandar jatorriko ehunka mila etorkin hartu zituzten; gainera, Ingalaterrako eta Irlandako langileriaren arteko desberdintzea tarteko, azken horiek are modu ankerragoan esplotatu zituzten, eta etsaitzat jarri besteen aurrean, pobreziaren, langabeziaren eta beste arazo batzuen erruduntzat.

Geroago, Lehen Mundu Gerra baino lehen eta gerra arteko aldian, etorkinen lan-indarraren erabileraren adibide ugari aurki ditzakegu Frantzian, Suitzan, Alemanian eta Europako beste herrialde batzuetan.Baina, ziur asko, Bigarren Mundu Gerraren osteko aldiak erakusten digu argien pertsonen mugikortasunak metatze kapitalistaren prozesuak sustatzeko izan duen garrantzia.Gerraren ondorengo laugarren mende-laurdeneanEuropa mendebaldean izandako hazkunde ekonomikoa —Hogeita hamar loriatsuak esaten zioten—, Europa hegoaldetik, bereziki, eta Frantziaren nahiz Ingalaterraren kolonietatik eta kolonia ohietatik etorritako milioika etorkinei esker soilik gertatu zen.Jatorri-herrialdeetan erreklutamendu- eta hautapen-bulegoak jarri zituzten arren, migrazio asko eta asko ezkutuan egin ziren.Europako migrazioak, beraz, bi eredu izan zituen. Alde batetik, “birpopulatze-politikak” bultzatu zituzten; Frantzian, esaterako, aljeriar emakumeen presentzia sustatu zuten, Europako fabrikan jardungo zuten seme-alabak sortzeko prest zeudenak. Eta bestetik, joan-etorriko immigrazioa bultzatu zuten; hau da, gastebeiterrek Alemanian lana lortzen zuten, baldin eta hitz ematen bazuten kontratua amaitzean bertatik alde egingo zutela.70eko urteetako krisia iritsi zenean, sobera zeuden etorkinak beren jaioterrira itzularazteko eskatzen zuten ahotsak ugaritu egin ziren, gaur egun gertatzen den bezala.

Gertaera horiek ez zaizkigu oso arrotzak egiten.Migrazio haien kopuru handi batek Espainiar estatuan zuen jatorria; gutxi gorabehera, bi milioi lagun joan ziren Europako beste herrialde batzuetara garai hartan.Lagun haien exodoak osatu egin zuen, herrialdean bertan, herrixkak utzi eta hirira soldata baten eta beste bizimodu baten bila joan ziren milioika pertsonen exodoa.

Hain zuzen ere, beste herrialde baterako bidean muga gurutzatu zuten migrazio horiek ongi irudika dezakete etorkinek Espainiar estatuko goraldi ekonomikoan (2007an amaitutakoan) izan zuten rola.Mugak jatorrizko herrialdeetan jartzeko politikak, Ceutako eta Melillako hesietan izaten diren etengabeko indarkeria-kasuak, asilo-eskubidearen murrizketa edota itsasoko migrazio-bideen gogortzea direla eta, askotan izan dugu migrazio-politika mugak ixteko politikatzat deskribatzeko tentaldia, Europa gotorlekua metaforaren bidez adierazten dena.Hala eta guztiz ere, etorkinak ia sei aldiz gehiago izan ziren XXI. mendeko lehen urteetan.Espekulazio-burbuilarekin batera, goraldi ekonomikoan izandako irabazi handien oinarri izan zen legezko merkatuko nahiz ezkutuko ekonomiako soldatapeko lanaren esplotazioa.Atzerri-politikaren errepresio-bideek, migrazio-fluxuak geldiarazi edo ordenatu beharrean, Espainiako kapitalaren zerbitzurako lan merkea “asmatzea” ekarri zuen, batez ere, eraikuntza-sektorean, ostalaritzan, plastiko azpiko nekazaritzan eta, emakume etorkinei dagokienez, zaintza-lanetan; azken hori, hain zuen, emakumeen arloa izan da ia esklusiboki, gizarte patriarkatu honetan.

Migrazio-politika hori deserrotzea betikotzeko politika izan da.Paperik gabeko pertsonak jazarriz eta egoitza-baimenak onartzeko eta berritzeko sistema sofistikatu baten bidez —lana lortzearekin lotutakoak—, etorkinek urte luzeak edota hamarkadak igarotzen dituzte herrialdetik kanporatzeko edota, baimena berritzeko baldintzak ez betetzeagatik, bat-batean klandestinitatean erortzeko mehatxupean.Horrenbestez, urtean 11.000 pertsona inguru kanporatzea eta beste hamarka mila pertsona atzerritarrak barneratzeko zentroetan giltzaperatzea ez dira —bertsio ofizialek sinestarazi nahi diguten bezala— migrazio-fluxuak kontrolatzeko neurriak; hots, etorkin guztiek bizkar gainean daramaten mehatxuzko zama gogorra dira, uneren batean egoera horretan aurki baitaitezke.Sarekadak eta kanporatzeak tresna eredugarritzat baliatzen dituzte, etorkinak diziplinatzeko eta beraiei ezarri zaien rola betetzeko prest egongo direla bermatzeko, hots: “soldata eskas baten truke beren bizia arriskuan jartzeko prest dauden deabru errukarriak”.Horregatik, atzerritar legeak ezkutuko lan-erreforma baten antzekoak izan dira, milioika pertsonaren mendekotasuna eta prekarietatea bermatzeko.

Bost urtetik gora daramatzan krisi ekonomikoaren ondoren, eta jada ez ditugula behar argudiatuz etorkinak joatea eskatzen duten ahots oportunistak gero eta gehiago izan arren, etorkin gehienek Espainiar estatuan jarraitzen dute.Migrazio-fluxuak asko moteldu dira, eta irauli ere egin dira; horrez gain, zenbait etorkin beren jaioterrira itzuli dira, arlo sozioekonomikoan aukera berriak dituzten jatorri-herrialdeetara, batez ere.Lan-indar prekarioaren papera agerian gelditu da etorkinen langabezia-tasan izan den gorakada nabarmenarekin, izatez nahiko handia den bertako biztanleriaren langabezia-tasaren oso gainetik baitago.Baina XX. mendeko hirurogeita hamarreko urteetan Europa mendebaldean gertatu bezala, jende asko bertan gelditzeko eta familia berriz elkartzeko borrokan ari da, krisiak eragin bera izan baitu haien jatorri-herrialdeetan ere.

Print Friendly